2015(e)ko urriaren 23(a), ostirala

Alfabetoa abesten ikasiz

Lehenengo sarrera honetan, musikak ikaskuntzari ematen dizkion abantailetako bat azalduko dut: Abesten gauzak ikastea. Izan ere musikak eta erritmoak gauzak erraztu ditzakete zenbait kontu buruz ikasterako orduan.

Kasu honetan, alfabetoari buruz hitz egingo dut.

Nire praktiketako esperientziak esan didanez, 1. zikloko umeentzat oso zaila da alfabetoa buruz ikastea zentzurik ikusten ez diotelako. Ume hauek duela gutxi hasi dira irakurtzen eta hizkien izenak badakizkiten arren, ez dira gai hauek alfabetoaren ordenaz esateko.

Alabaina, letrak alfabetikoki ordenatzen dituen abesti bat ikasteko erraztasuna dute; erritmoa jarraituz hizkien ordena buruz ikasteko gai baitira. Abestia jakinda ere, ez dira gai izaten alfabetoa hitz egiten. Hau da, alfabetoaren abestia askoz arinago eta errazago ikasten dute alfabetoa bera baino. Beraz, argi dago musika dela alfabetoa buruz ikastea errezten duena.

Hemen uzten dizuet alfabetoa eskoletan ikasteko abesti oso aproposa:




Letren ordena islatzen duen abesti honek erritmo erraza eta errepikakorra du eta letrak multzoka sailkatzen ditu; umeentzat errazago izan dadin hauek gogoratzea. Gainera, abiadura egokia du umeek ondo uler dezaten abestiak esaten duena.


Beraz, esan bezala, argi dago musikak erraztasuna eman diezaiokeela zenbait konturen ikaskuntzari; kasu honetan alfabetoaren ordena buruz ikasteari. Hori dela eta, esan nahi nuke ez dugula pentsatu behar klasean abesten dugunean edo umeei abestiak jartzen dizkiogunean denbora galtzen ari garenik, aitzitik, denbora oso ondo aprobetxatzen egon gaitezke.

Adibidez, musika barik aste bat baino askoz gehiago beharko lukete umeek alfabetoa buruz ikasteko. Alfabetoa musikalizatzean, ordea, aste batean abestia buruz jakitea posible litzateke; eta beraz alfabetoa bera. Gainera, umeei asko gustatzen zaie abestea eta hori aprobetxatzen jakin behar dugu.






Aurretik jarritako abestiaz gain, beste hainbat abesti edo modu daude aldabetoa umeei erakusteko. Adibide bat jartzearren, bideo honetan letra bakoitzari animalien izen bat atxikitu zaie alfabetoaren ordenean. Letra bakoitzari hitz bat atxikitzea, beraz, beste modu bat izan daiteke alfabetoa buruz ikasteko.

Alabaina, modurik errazena musikaren bidez ikastea da. Umee txikientzat askoz errazagoa da abesti baten melodia, erritmoa eta letra buruz ikastea, hizki bakoitzari hitz bat atxikitzea baino. Beraz, lehenik eta behin abestia buruz ikastea komeni litzateke eta behin abestia jakinda, letra bakoitzari hitz bat atxikitzea.

 



Umeen ama hitzkuntza ez den hizkuntza batean ere erabili daiteke musika gauzak buruz ikasteko. Bideo honetan alfabetoa ingelez ikasteko abestia proposatzen da. 

Abesti honen erritmoa eta melodia ez da euskaraz ikasteko jarri dudan abestiaren erritmo eta melodia berdina, baina kasu honetan ere erritmo erraza eta errepikakorra du; hau da, egokia da lehenengo zikloko umeentzako.





Informazioa hemendik:
http://www.ivoox.com/alfabetoaren-kanta-audios-mp3_rf_1079358_1.html
https://www.youtube.com/?hl=es&gl=ES

2015(e)ko urriaren 22(a), osteguna

SARRERA

Ni Iratxe Martin naiz, UPV-EHUko lehen hezkuntzako graduko ikaslea eta blog honetan, lehen hezkuntzan musikaren bidez ikastekeko zenbait gauza argitaratuko ditut.

Hau da, lehen hezkuntzan musikarekin ikasteko zenbait abesti, jolas edo dantza agertuko dira blog honetan. Gainera, argitaratutako jarduera bakoitza zein ziklotarako aproposa den eta eguneko zein ordutan egiteko gomendagarria den ipiniko dut. 

Musika baliabide oso egokia izan daiteke umeen ikaskuntzan; izan ere, musikaren bidez zenbait gauza landu daitezke modu dinamiko batean: entzumena, gramatika, hizkuntza ezberdinak, mugimendua, koordinazioa, elkar errespetua...

Horrez gain, umeen atentzioa deitzeko modu egokia da musika; izan ere,  umeak oso erraz aspertzen dira gauzak modu tradizionalean ikasten dituztenean. Irakasleek metodo dinamiko praktikoak (musika, esaterako) erabiltzen dituztenean, ordea, umeak askoz gustorago egoten dira ikasgelan eta askoz errazago jasotzen dituzte mezuak.

Azkenik, argi eduki behar da musikaz nola irakatsi lehen hezkuntzako gela batean. Hau da, argi izan behar dugu zein izango diren egiten dugun jarduera bakoitzean landu nahi ditugun edukiak eta gaiak; zein izango den erabili beharreko metodologia eta zein diren lortu nahi ditugun helburuak.

Jarduerak aurretiko hausnarketa egin gabe egiten baditugu, gerta liteke umeek jolastzat hartzea eta egindakoa serio ez hartzea; beraz, ezinbestekoa da egiten duguna zergatik egiten dugun jakitea.


New Year Party Ribbons